AURKEZPENA
2022ko azaroan Memoria duen Historia Hezkuntzan I. Nazioarteko Kongresua egin zen, Iruñean, uste bikoitz hau oinarri: beharrezkoa dela transmititzea gure arestiko iragan traumatikoaren —Bigarren Errepublika, Gerra Zibila, frankismoa eta trantsizio demokratikoa tartea— memoria demokratikoa belaunaldi gazteenei hezkuntza-arloan. Ildo horretatik, irakasle eta hezkuntza-zentro askok jadanik jorratuak zituzten memoriari buruzko askotariko esku-hartze didaktikoak, baina ez ziren behar bezain ezagunak eta ez zuten eztabaidarako eta koordinazio horizontalerako gunerik aurkitzen. Topaketaren arrakastak eta garatu beharreko agenda bat han ezarri izanak bigarren kongresu baterako deia egitea ekarri dute. Bertan, ordutik hona hazi diren fruituak aztertu (RedMemoria, adibidez, memoriaren aldeko ikastetxe eta irakasleen sarea), eztabaida berriak (eta ez hain berriak) jorratu eta orduan behar bezalako arretarik izan ez zuten gai eta sektoreetara hurbilduko gara.
Memoria duen Historia Hezkuntzan kongresuak indarkeria garaikidearen ankerkeriaren aurka hezteko borondate esplizitua adierazten du. Izan ere, indarkeria arkaikoa, basatia eta antzinakoa eta indarkeria modernoa (erabateko gerra teknologiko izugarri hilgarria) konbinatzen dira proportzio maltzur batean. Iraganeko aurrien oroimen kolektibo eguneratua (memoria) eta hura ulertzeko tresna analitikoak (historia) mandatu etiko eta zibiko honekin interpelatzen dira hezkuntza-alorrean: etorkizunak irudikatzea, baina iragan bat hainbeste gogorarazten duten —hainbeste ezen azkenik ez baita iragaten— orainaldiak (pluralean) gainezkatzen dituen atsekabeari etsia hartzen ez diotenak. Beraz, urratzen zaigun bidea orainaldia problematizatzen duen hezkuntza bat da, berdintasun-ezarekin eta bazterkeriarekin modu kritiko, disidente eta errebeldean jokatuko duten herritarrak eraikitzeko. Honelako hezkuntza bat: historia behetik proposatzen duena, protagonismoa isilarazitako subjektu historikoek integratutako narratiba berriak dituena, gizon-emakume berdinzaleek osatua, eta herritarren oinarrizko eskubideak aitortu eta bermatu beharra aldarrikatzen duena.
Ikuskera horretatik, beharrezkoa da iturri eta baliabide historiko, kultural eta artistikoak erabiltzen dituzten hezkuntza-proiektuak sustatu behar direla behin eta berriro nabarmentzea, zertarako eta egunerokora eta historia behetik eraikitzera hurbiltzeko. Alde horretatik, tradizio sendoa dago ahozko iturriekin lan egiten.
Ikasleek berek eraikiak izan daitezke iturri horiek, edo artxibo digitalen kontsultatik hartuak izan daitezke, iragan traumatikoei eta diktadurekiko erresistentziei buruzko testigantza baliotsuak bildu, antolatu eta herritarren eskura jartzen baitituzte artxibo horiek. Halaber, sendotzen ari dira memoriaren adierazpenetan barna egiten diren bide eta ibilbideen inguruko esperientziak eremu publikoan, bai herrietan, bai hirietan. Alde horretatik, memoria-lekuak ahalmen didaktiko handiko espazioak direlako uste sendotik, beharrezkoa dirudi haiekin elkarreraginean diharduten hezkuntza-esperientziak partekatzen jarraitzea, baina, halaber, haien esparru teorikoei buruz eta haien esanahiek denboran zehar izandako izaera dinamiko eta aldakorrari buruz hausnartzea, azken batean, lurralde-marka horiek ezartzen diren gizarte-prozesuetara hurbiltzea. Zehazki, hezkuntza-zentroen artean proiektu partekatuak sustatzea, zeinak hurbilak izan baitaitezke, memoria lokal baten inguruan, edo geografikoki urrutikoak, antzeko memoriek lotuak, ondoko gai hauen inguruan: gatibutasuna, hilketa-lekuak, deportazioa, erbesteratzea eta bortxazko lanak, besteak beste.
Hezkuntza-arloko lan-ildo horiek hurbilpen-eremu pribilegiatua dute: tokiko historia eta mikrohistoria, jakintza historikoa eraikitzeko funtsezko tresnatzat ulertuta beti ere. Posible da tokiko memoriak ikertzetik prozesu historiko handietara hurbiltzea, behetik gora, hala nola hogeita hamarreko eta berrogeiko hamarkadetako faxismoen esperientzia dramatikora. Eta, era berean, horrela egiteak erraztu egiten du ikuspegi sinplifikatzaileak eta eskematikoegiak desarmatzea, iraganaren, iraganen konplexutasunaren ulertzea sustatuta modu horretan.
Sektore batzuek beren espazioa eskatu zuten hurrengo deialdirako, hala nola haur eta lehen hezkuntzak, hezkuntza ez-formalak, helduen hezkuntzak eta irakasleen prestakuntzarako hezkuntzak. Dei berezia egiten memoria duen historia hezkuntzan dugu alor horietan ekarpenak egiteko. Era berean, gure ustez, elkarte memorialistek ere beren ahotsa izan behar dute deialdi honetan; helburua da elkarte horiek eta hezkuntza-mundua elkartzea, aspalditik erakutsi baitu horrek aukera handiak sor ditzakeela.
Horretarako, Memoria duen Historia Hezkuntzan II. Nazioarteko Kongresura deitzen zaituztegu. Iruñean egingo da, 2024ko azaroaren 14tik 16ra.