AURKEZPENA

Hiru urte igaro dira 2022ko azaroan Iruñean Hezkuntza, Oroimena eta Historiaren I. Nazioarteko Biltzarra egin zenetik. Une hartan, ikastetxe askotan egiten ari zen hezkuntza-lanari pultsua hartzeko saiakera gisa sortu zen, bai eta garatzen ari ginen praktikei buruz elkarlanean hausnartzeko ere. Baina, denbora-tarte labur honetan, hezkuntza-eragile desberdin eta askotarikoen benetako komunitate bihurtu da. Komunitate hori RedMemoriaren bidez konektatua dago (lehen bilera haren fruitu bikaina) eta bi urtez behingo biltzarretan aurrez aurre biltzen da. Horrela, urtero aurrerapauso bat eman da, eta 2025ean RedMemoria Sarearen I. Topaketa egin da. Bertan, parte hartu dute 12 autonomia-erkidegotako 23 ikastetxetako ikasle eta irakasleek. Topaketa horrek balio izan du elkarrekin adiskidetzeko, Nafarroako oroimen-lekuetan elkarrekin ibiltzeko, eta tailerretan hausnartzeko: alde batetik, egiten ari garen hezkuntza-praktikari buruz; bestetik, nola ikusten duten ikasleek, lehen pertsonan kontatuta, zer garrantzia duen oroimenaren gaineko lanak haien eguneroko esperientzian, gazte diren aldetik; eta, azkenik, parte hartzen duten irakasleek zer itxaropen dituzten bai RedMemoriari bai III. Biltzarrari buruz.

Izan ere, hori da orain kontua, deia egitea Hezkuntza, Oroimena eta Historiaren III. Nazioarteko Biltzarrerako; Iruñean eginen da, 2026ko azaroaren 12an, 13an eta 14an. Sinetsita gaude metatutako esperientzia guztia sendotzeko aukera paregabea izanen dela, eta esperientzia horri kritikoki eta konplazentziarik gabe begiratzen jarraitu beharko diogula; baina, era berean, uste dugu egungo munduak aurkezten dizkigun erronka eta zalantza berriei buruz hausnartzeko abagunea ere izanen dela, erantzun erreaktibo eta defentsiboak ez ezik, propositiboak ere emateko gai izan gaitezen. Eta hori egiten dugu, sinetsita baikaude ibilbide horrek orain arte izan duen horizontaltasuna zaindu beharreko ondasuna dela. Aldi berean, ezinbestekoa da askotariko hezkuntza-eragileak biltzen jarraitzea: bai hezkuntza formalekoak (etapa guztietakoak, hasi Haur Hezkuntzatik eta Unibertsitateraino, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketatik igarota), bai hezkuntza ez-formalekoak (dituen adierazpen askotarikoetan), bai elkarte-mundukoak, bai irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzan dabiltzanak, bai proiektu komun honekin lotuta sentitzen den beste edozein eragile ere. Ildo horretan, hain positiboak izan baitira aurreko biltzarreko eta RedMemoriaren topaketako esperientziak, sinetsita gaude ikasleek zeregin nabarmena izan behar dutela deialdi berri honetan; uste dugu presentzia esanguratsua eta parte-hartze aktiboa izan behar dituztela.

Dei egiten dugu III. Biltzarrean ere ikastetxeetan garatutako esperientzietan oinarritutako komunikazioak aurkezteko, batez ere komunitatea (auzoa, herria…) lotzen edo konprometitzen duten ikastetxeko proiektuak badira, edo hainbat ikastetxeren artean partekatutako esperientziak badira. Aurreko biltzarretan jorratutako gaiak oraingoan ere landuko direla uste dugu, besteak beste: oroimen-lekuak eta ondarea, lurraldeen arteko hezkuntza-proiektuak egituratzeko ardatz gisa; tipologia desberdinetako iturriekin egindako lana; feminismoa; mendeko taldeak, subjektu historiko gisa; irakasleen hasierako prestakuntza, eta abar. Baina, gure ustez, iritsi da unea interpelatzen gaituen orainaldi honi erantzuten dioten beste gai batzuk ere jorratzeko: bakezaletasuna eta antimilitarismoa, diskurtsoak eta politika gero eta militarizatuagoak dauden honetan (batez ere nazioarteko harremanetan); eskubide zibil, social eta ekonomikoen aldeko iraganeko eta oraingo borrokak; auzotarren mugimenduen zeregina; iragan eta orainaldi kolonialak; demokraziaren kontzeptuaren hauskortasuna eta oroimenak hura indartzeko duen zeregina, nazioarteko testuinguruan; iragan hurbiletara gerturatzea; gazteek iraganarekin duten harremana, bitarteko digitalen eta sare sozialen bidez… Irakaskuntza-sareak indartzeko unea ere bada, gutxienez Europako hegoaldera eta Latinoamerikara zabalduz.

Horretarako, Memoria duen Historia Hezkuntzan Nazioarteko III. Kongresura deitzen zaituztegu. Iruñean izango da, 2026ko azaroaren 12tik 14ra.


ANTOLATZAILEAK